horno2Bezperan etxekoandreek ogi-orea prestatzen zuten, hau da, irina eta ura nahasiz orea egiten zuten. Biharamunean, eguna argitu aurretik, labezaina karriketan barna pasatzen zen abisuak emateko.
Lehenbiziko abisua sua pizteko zen, bigarrena ura berotzeko, eta hirugarrena ogia egostera jaisteko. Etxekoandreak orea mantaxko batean biltzen zuen, hotzetik eta airetik babesteko. Labean mahai luze batzuk zeuden, eta han emakumeek nork bere labekada prestatzen zuen. Zein norena zen jakiteko, ogi-orean eta opiletan zenbait marka egiten zituzten (marrak, gurutzeak, zimikoak…), denontzat ezagunak.
Labezainak, ezpel-adarrekin labe-zola ongi garbitua ordurako, sua bizi edukitzen zuen eta, tamaina desberdineko pala batzuen laguntzarekin, ore moldeak labean uzten joaten zen.

Labezainak berak ateratzen zituen gero, egosirik, eta bakoitza bere etxera itzultzen zen, kapazua buruan ogi borobilez beterik, eta saskian opil azukretuak eta noiz edo noiz haurrentzako panpina edo figuratxoren bat zeramatzala.
Labezainari ordaintzeko, 1643. urtean, honakoa zegoen ezarrita: ogi libra bat eman behar zaio, orean, erregu edo gonka bakoitzeko, gari-irina izan edo dena delako espeziea izan. Gainera, ore horrek ematen zuen ogia okindegiko prezio berean saltzera behartuak zeuden.