Erronkaribarren lanbide bat izan bada, hori artzainarena da. Duela milaka urtetatik hona, artzaintza bizibide ezezik, Burgi eta Erronkaribarko herri guztien bizigarri izan da.
Artzainek, bizkarrekoa jarrita, makila eskuan, txakurra lagun eta artaldea alboan zutela, gure lurrak jendetu egin dituzte. Beren bizimodua, janzkera, artisau-lanak, gazta egiteko moldea… Historiaurretik XX. mendearen erdialdera arte iritsi dira ia aldaketarik izan gabe.

Transhumanteak

882. urtean Erronkaribarrek “derecho de bardenaje” delakoa jaso zuten, hau da, Bardeara jotzeko eskubidea eta, horren ondorioz, artaldeek Nafarroako Erriberako Errege-Bardeako larreak erabiltzen ahal dituzten egu garaian. Horretan laguntzeko, Nafarroako Koroak ebatzi zuen iparraldetik hegoaldera inoko bide bat egitea Erronkaribarko mendiak eta Bardeako larreak loturik. Ibilbide historiko hori, Erronkariarren errege-abelbidea edo Altxonbidea deritzona, oraindik erabiltzen da, eta Burgi zeharkatzen du.
Urte hartaz geroztik urtero irailaren hondarrean ibarreko artaldeak, aurrean eta atzean artzainek zainduta, ibarra utzi eta Bardeako larreetara joaten dira elurretatik itzuri egiteko. Eta hilabeteak geroago, maiatzaldean, berriz ere itzultzen dira ibarrera uda mendiko larreetan emateko.

Gaztagileak

Artaldeak Bardeatik itzultzen direnean, artzain lanbidearen bigarren alderdia eta eginbeharra hasten da, hau da, gaztagilearena. Gazta egitea berez esne soberakinak alferrik ez galtzeko modua zen. Gauregun, aldiz, Erronkariko gazta gutizia bat da, jatorri-deitura jaso zuen lehena eta Nazioartean ere ospea duena.
Lehen, ardiak artegietan jetzi eta borda edo etxoletan egiten zuten esnea eta gatzagia landuz. Aurreko garaietan horretarako erabiltzen zituzten lanabesak, hala nola uztaiak, zortzeak, kaikuak, malatsak, suharria etab., gaur egun museoetan ikusgai diren oroigarriak baino ezdira.