Antzinean, hozkailurik ez zegoenean, gizakiok elurra erabiltzen genuen jakiak fresko gordetzeko denbora luzez.
Jakiak gordetzeaz gainera, elurrari esker edariak freskatzen ziren eta freskagarriak eta izozkiak prestatzen ziren; medikuntzan ere erabiltzen zen sukarra jaisteko eta zenbait gaixotasunen mina arintzeko.
XVI. mendeaz geroztik zabaldu egin zen elurarren erabilera eta salerosketa, arestiko beharrak asetzeko xedez.
Elur zuloaren eraikintza
Elur zuloak -elurtegiak edo izoztegiak ere deitzen ziren- elurra gordetzeko eraiki ziren zenbait herritan. Burgin “nivera” deitzen zioten gaztelaniaz.
Elur zulo mota asko zegoen. Batzuk, Burgikoa bezala, lur azpian eraikita zeuden; forma zilindrikoa zuten eta estalki bat gainean izaten zuten elurra hobeki gordetzeko eta tenperatura beroak ekiditeko.
Hormari eutsitako eskailera xume bati esker elurtegiaren barrenera jaisten ziren.
Hondoan, hustubide edota erreten baten bitartez ateratzen zen ura izotza urtu ahala.
Ate batetik izotza edota elurra sartzen zuten polea baten laguntzaz.
Gordetzea
Neguan elur zulotik ahalik eta hurbilen zegoen elurra jasotzen zuten. Urrunago baldin bazegoen, zamarien laguntzaz eramaten zuten.
Batzuetan, elur gutxi bazegoen, ondoko erreken ertzeetako izotza hartzen zuten.
Elurra biltegiratzeko, hondoaren gainean egurrezko zeharraga batzuk jartzen ziren, eta horien gainean ezpelak edota sasi lehorrak, hustubiderantz joandako ur urtuari bidea errazteko. Elurra eraman ahala, honelaxe jartzen zuten putzuan: lehendabizi, elurra zapaltzen eta izotza birrintzen zuten; ondoren, geruzaka metatzen zuten, hau da, elur multzoen artean lasto geruzak jartzen ziren isolatu eta hobeki gordetzeko.
Elurra elurtegitik ateratzeko eta saltzeko garaia apiril edo maiatzean hasten zen. Handizkako salmenta nagusi zen: lastorik gabe saltzen zen eta erromatar balantzan pisatzen zuten elurra.
Txikizkako salmenta zenean, plater-balantza erabiltzen zen: orduan, plater batek zulotxoak izan behar zituen nahitaez ura xukatzen uzteko.
Elurraren merkataritza
La extracción de la nieve para su distribución y venta comenzaba, por lo general, a partir de abril o mayo. Se vendía libre de paja al por mayor pesándola en la romana o al por menor mediante balanza de platillos, uno de ellos obligatoriamente agujereado para dejar escurrir el agua.
Errentak eta baldintzak
Elurtegiak udalarenak izan ohi ziren oro har, interes orokorreko zerbitzu publikoa eta behar-beharrezkoa izaten zelako.
Horrela, gizartearen beheko klasekoei ere errazten zitzaien elurra erosi ahal izatea. Udalak errentan ematen zuen elurz uloa urte hasierako hilabeteetan.
Eskaintzaile handienari adjudikatzen zitzaion izoztegia.
Ondoren, errentamenduaren baldintzak sinatzen zituzten, notarioaren aurrean egindako eskritura publikoaren bidez eta lekukoen zein fidatzaileen sinadurez.
Kontratua sinaturik, errentariak elurra jaso, biltegiratu eta banatzeko betebeharra zuen; baldintza horiek bete ezean edo elur zuloan elurra falta baldin bazen, isuna jar zekiokeen. Horretaz gain, adjudikazioaren truke urteko errenta ordaindu behar zion udalari.
Burgiko elur zuloa
Burgiko Erdi Aroko elur zuloaren gaineko dokumentu gutxi dago.
Artxibategietan gorde diren idazki zaharrek -XVII. mendekoek, alegia- esaten digute nola gorde behar zen elurra, hots “arretaz, garbi, gogor, bero handiari aurre egiteko moduan”.
Burgiko elurtegia hornitu eta betetzeko 1669. urteko ordenantzak honela agintzen zuen: “el arrendador tiene la obligación de inchir (bete) la nevera a su costa, y prober de la niebe necesaria a todos los vecinos abitantes y biandantes desde el día que le fuere mandado”.
Peñako Ama Birjinaren Kofradiaren XVII. mendeko kontu-liburuan agertzen dira kofradiakideen bazkarietarako elurra erosteagatik egindako gastuak.
1669. urteko udal aktek ere erakusten digute 90 errealen truke eman ziotela errentan elur zuloa Burgiko bizilagun Martin Glaria jaunari, urtebetez.
Berritze lanak
2003. eta 2004. urteetan Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak bultzaturik, Burgiko zenbait bizilagun Erdi Aroko elur zulo zahar hau berritzen eta egokitzen aritu ziren auzolanean.
Bertako ondare historikoa eta etnologikoa berreskuratzeko lanetan Burgiko Udalak eta Erronkariko Naturaren Zentroak ere lagundu zuten. Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuak eta Caja Navarra Fundazioak diruz lagundu zuten.
Birgaitze lanak honako hauek izan ziren: belar-sastrakak kendu eta ingurunea garbitu; elur zuloaren barnealdea hustu; putzuaren hormak berregin; jaisteko eskalinata konpondu; oholtxez egindako estalki koniko bat eraiki eta sarrerako aterainoko eskailerak egin; atea, baranda eta forjazko burdin sarea jarri; ingurunea atondu; seinaleak jarri; eta ondare historiko hau ikertu eta ezagutzera eman.
Azkenik, goraipatzeko modukoa da boluntarioek lan honetan izan zuten partehartze handia.
Boluntario gehienak Burgiko bizilagunak izan ziren. Horiei guztiei gure esker ona eman nahi diegu emandako laguntza eskuzabalagatik eta egindako lan eskergagati