Urtero, abenduaren 6an, eta haurrak protagonista bakarrak izanik, Burgiko karrikek oso tradizio zahar bat berritzen dute, antzina Nafarroan oso zabaldurik, gaur egun herri gutxi batzuetara mugaturik eta benetako bitxi gisa atxikirik dutena. San Nikolasen ohorezko festa da.
Orain arte jasoriko ahozko testigantzek festa hori Burgin XIX. mendean egiten zela ziurtatzeko bidea ematen dute; hala ere, oso litekeena da haren jatorria zenbait mende lehenagokoa izatea.

Festa lau urratsetan

1. Hautaketa. “Arigüeña” bilera egitea zen erritual honen lehenengo urratsa; San Nikolas festa baino hilabete inguru lehenago izaten zen hori. Mutiko handiak, 12 bat urtekoak, eskolatik ateratakoan, Erdi Aroko zubitik hurbileko kobazulora joaten ziren, sua pizten zuten eta han bilera sekretu antzeko bat egiten zuten kargu guztien banaketa egiteko; hots, apezpikua, bi kalonje, alkate makiladuna, erretilu-eramailea (dirua biltzen zuena), bi saski-eramaile, aguazila (bezperan bandoa jotzen zuena), bi arrautzari eta bi burruntzilari aukeratzen ziren. Guztira, hamabi haur.

2. Bandoa. Bezperan, abenduaren 5ean, mutiko edo neskato bat herriko karriketan barna joaten da. Beti izkina berberetan gelditzen da eta han, turuta jo ondoren, pregoi hau jotzen du:

Del orden del señor Alcalde
hago saber
que mañana, día del señor Obispo,
todos los animales
deberán estar encerrados,
y los que no lo estén,
serán cogidos, sacrificados y comidos
en casa del señor Obispo.

3. Segizioa. Haur taldea goizeko 9ak eta 9:30ak bitartean abiatzen ohi da abenduaren 6an eta herriko etxerik garaienetatik hasi eta gainerako kaleetatik jaisten da gero. Segizio horren buru apezpikua joaten da, lagun talde osoa atzetik duela. Auzo eta karriketan barnako ibilbidean, etxe bakoitzaren aurrean, atea jo eta etxekoandrea atera dadin zain egon eta gero, haur segizioak kanta hau abesten du:

Hoy es el día de San Nicolás,
todos los niños de fiesta están,
en esta casa todos esperan
la limosnica que nos alegra,
y el señor obispo les bendecirá.

Vengan vengan los huevos,
las chulas y los cuartos,
y alguna otra cosica,
que si no, no nos vamos.
Si nos dan, no nos dan,
las gallinas camparán.

La señora de esta casa
es una santa mujer,
pero más santa sería
si nos diera de beber.

Compadézcanse señores
de estos pobres estudiantes
que celebramos la fiesta
muy contentos y galantes.

Koplatxo horiei erantzuteko, etxekoandreak edo etxeko jabeak zenbait jaki edo dirua ematen dizkie segizio horretako lagunei, eta horiek burruntzietan, saskietan edo zakutoetan -opari motaren arabera- banatzen dituzte. Horren ondoren, etxea, jabeen eskuzabaltasuna dela eta, apezpikuaren bedeinkapena jasotzeko duina da eta horrek honela ematen dio:

La bendición de Dios Padre,
la bendición de Dios Hijo,
la bendición de Dios Espíritu Santo,
que baje Dios a esta casa y la bendiga,
por los siglos de los siglos, amén.

4. Ospakizuna. Antzina, bilduriko jakiekin bazkaria eta afaria egiten ziren haur segizioko kide guztientzat apezpikuaren etxean. Gaur egun bazkaria eta afaria egiten jarraitzen da, baina bazkaria herriko taberna batean normalean, eta afaria, taldeko handientzat, apezpikuaren etxean. Azken urteotan jakiak erakunde ongileren bati emateko ohitura errotu da eta bilduriko dirua txangoak egiten, jokoak eskuratzen edo, halaber, dohaintzak egiten erabiltzen da.

Jantziak eta osagarriak

Arropari dagokionez, egun horretarako berariazko janzkera eramaten dute. Apezpikuak tunika gorri batez estaltzen du soina, lepotik oinetaraino, kolore bereko gerriko batez estuturik. Tunikaren gainetik, errokete zuri bat gerritik beheraxeago iristen zaio. Oihal zuriko jantzi horrek parpailak ditu apaingarri mahukaburuetan eta behean, gerriaren azpian. Erroketearen gainean, bizkarreko gorri batek estaltzen dizkio sorbaldak. Buruan mitra eramaten du; barrutik gorria, eta kanpotik boli kolorekoa urre koloreko mendelekin eta apaingarriekin. Mitratik zintzilik, atzealdean, zerrenda pare bat ikusten da, mitraren kolore berekoa, hau da, aurrealdean boli kolorekoa eta atzealdean gorria. Eskuetan urre koloreko gurutze eta gurutziltzatua eramaten du, bedeinkatzeko erabiltzen duena.
Bi kalonjeak berdin jantzirik joaten dira: lepotik oinetarainoko tunika gorri batean bildurik eta gris urdinxka koloreko gerriko batez lotuta. Sorbaldak gerrikoaren kolore bereko bizkarreko batez estaltzen dituzte. Buru gainean, lau puntako bonete gorria.
Gainerako pertsonaiek ez dute inolako arropa berezirik erabiltzen, baina alkatea aginte makilak eta dirua biltzeko zakutoak bereizten dute; burruntzilariak txistorra, odolkia, txorizoa, birika, xingarra (txulak) e.a. ongi eutsirik edukitzeko burdinazko burruntzi (gerren) zaharra, eramatea du ezaugarria.