Almadia, luzera berdineko zuhaitz-enborrez osatutako erreka-untzi bat da, landare-abarrez elkarlotua dena (urritzko adarrez, basazumez,…), errekaren ubidetik bideratzeko bai aurrekaldean zein atzekaldean, arraunez hornituta dago.
Nafarroako Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoa pirinear ibarretan, aspaldiko garaietatik XX.mende erdiraino basoen probetxamendua diru sarrera nagusia izan da eta egurra eraldakuntza guneetan saltzeko aukera izateko erreka erabiltzen zuten garraiobide modura. Egur hau, ALMADIA izenarekin ezagutzen dugun untziaren bidez garraiatzen zen.
Nola egiten da
Almadiaren prestakuntza lanak mendian hasten dira zuhaitz mozketarekin. Zuhaitza lurreratu ondoren destaiatu egin behar da goiko adarretatik hasita. Behekoak azkenerako uzten dira euskarri modura erabiltzeko.
Behin destaiatuta, trontzarako posizio egokiena bilatzen da, 4,00 eta 6,40 metro bitarteko luzerako enborrak atera daitezen.
Enbor luzera kontutan hartuta, izen desberdinak erabiltzen dira: “Decen”, 5 makilakoa; “Docen”, 6 makilakoa; “Catorcen”, 7 makilakoa; “Secen”, 8 makilakoa. Makila bakoitzak 0,80 metroko luzera du. Neurri handiagokoak ere badaude: “Aguilon”, zortzi metrorainokoak eta “Vela”, zortzi eta hamabi metro bitartekoak.
Enborra trontzatu ostean, eskuairatu behar da. Soluaren makurduragatik horren zaila den lan atal hau taldeko trebeenek burutzen dute. Hasteko bi aldetan ikatziri kordelarekin enborra markatzen dute eta eskuairatu ondoren enborra bueltatu eta beste bi aldeetan berdina egiten dute.
Almadiaren eraketa
Almadiak egiteko, enbor puntak ginbaletarekin zulatu behar dira gero landare-abarrez elkarlotzeko eta 4 edo 5 metroko zabalera duten tramuak lortzeko.
Elkarlotze hau almadia egonkorra izan dadin egiten da, beraz, oso fin ibili behar da.
Tramuak prest daudenean uretaratu egiten dira, bertan lau, bost, sei edo zazpi tramu mihiztatzen dira almadia bat osatzeko. Azkenengo lana jantzitokia jartzea da, bertan arropak eta zakutoa zintzilikatzeko bidaian zehar busti ez daitezen.
Lekualdaketa
Enborrak prestatu ondoren basotik atera behar dira, honetarako bi sistema daudelarik, alde batetik sakanen urak duen indarra aprobetxatzea, eta bestetik mantsoagoa den mandoen indarra erabiltzea.
Bigarren sistema honetarako, mandoei larruzko esteka ezartzea beharrezkoa da, nondik kate batzuk irten eta lakainen bidez enborrak lotzen diren iltzeekin edota enborra zulatuta lokarria eginez. Modu honetan enborrak ibaiertzera eramaten dira, bertan almadiak eraikitzeko.