Erronkari ibarra, mendetan, ikazkin lurra ere izan da.

Erronkariko beste herri batzuetan ez bezala, Burgin, azkeneko urteetan bederen, ikazkin batzuk kanpotarrak ziren.

Ikazkinen lanbidea XX. mendearen erdialdera arte egon zen bizirik herri honetan (1950). Egur-ikatza egiten zuten.

Zenbait herritarrek beren arbola batzuk saltzen zizkieten horretarako (pagoa, txaparra, artea….). Gero, ikazkinek berek botatzen zituzten erositako arbolak. Enbor lodi samarrak eta zuzenenak zura egiteko bereizten zituzten.

Gainerakoa ikatza egiteko baliatzen zen. Arbolak bota eta puskatu ondoren, egurra lehortzen uzten zen denbora tarte batean.

Ikaztegiaren eraikintza

Materiala lehor zegoenean, larrain moduko zerbait prestatzen zuten (toki zelai bat), ikaztegia alegia. Erdialdean enbor hoberenak paratzen zituzten. Kanpoko aldean, aldiz, egur kaxkarrena.

Pixkana-pixkana, zirkulu kontzentrikoak eginez, txondorra eraikitzen zen, egur pila handituz bai altueran bai zabaltasunean, kono itxurarekin. Geroago egur pila lasto, iratze eta ezpel-adarrez estaltzen zen, txondorraren gainean jartzen zitzaion lur xehetua barrenera sar ez zedin.

Txondorraren inguruan, lur arrasean, encendallo koroa jartzen zuten, landare idorrak (otea, ezpela…).

Goitik ematen zitzaion sua, txondorraren tontorreko zulotik, ikaztobitik alegia. Ikazkinak bertaraino igotzen ziren, eskailera batetik. Maiz egin behar izaten zuten lan bera: sugarra bizitu, eta berriz estali, sua, gutxika-gutxika, barren-barreneraino sar zedin. Alboetan ere ziloak irekitzen zituzten, suak txondor guztia hartzeko, eta ez erdialdea bakarrik.

Zeregin luze eta arriskutsua zen, langilea etengabe erne egonarazten zuena. Hamabost egun iraganik, ikatza egina zegoen, eta, asto edo mando gainean, errepideraino garraiatzen zen zakutan.

Errendimendua, normalean, erabilitako egurraren herena izaten zen. Adibidez, 15.000 kiloko txondor batek 5.000 kilo ikatz inguru ematen zuen.

Ikaztegiak Burgin

Burgin herriko toki batean baino gehiagotan egiten zen ikatza: Ugañain, Sagarraga, Zegarra…. Eguraldi oneko hilabeteetan egiten zen ikatza, martxotik urrira bitartean. Ikazkinak mendian gelditzen ziren, hurbileko bordaren batean, ikatza egiten zen garaian. Herrian ez ziren askorik nabarmentzen.

Dena dela, gauza jakina da (1940tik 1950era bitarteko hamarkadan) Ugañainen ikazkin bat hil zela, ikaztegian lanean ari zela.

Ikazkina

Ikazkinarena antzinako lanbidea da, arriskutsua, bakardadean egiten zena. Diru gutxi ematen zuen, egurgileari eta ikazkinari behinik behin.

Egurraren inguruan gure mendietan bizirik zegoen ogibide sail horretako bat zen ikazkintza.