Burgiko zubia, Ezka ibaiaren gaineko harrizko zubia, Erdi Aroko eraikuntza da, maisu harginak zuzendu zuena.
Zubi sendoa da, azienda eta gurdiak pasatzeko adinako zabalera duena.
Zubi-brankak zorrotzak ditu, ostikoak sendoak eta zubi-begiak zabal-zabalak, ur handiak pasatzen uzteko.
Gaur eguneko zubi asimetrikoa Burgiko herriaren irudi adierazgarrienetako bat da, parerik ez baitu inon.
Garai hartan zubi bat egitea ez zen nolanahiko lana.
Harrizko zubi bat egitea botere-erakusgarri bat zen. Horren adierazgarria da, adibidez, Erromako Aita Santuari Pontifizea deitzea, Elizaren agintari gorena izateagatik.
Zubiaren eraikintza
Maisu harginak eta bere peoiek zubia eraiki behar zen tokian berean egiten zuten harria jo eta landu.
Mailutzarrak, zurezko aldamioak, txirrikak… halako tresneria izaten zen.
Harginak, zurginaren laguntzarekin geroago, lanen segida berari jarraitzen zion beti halako eraikuntzak egiterakoan.
1. Halako zubi bat eraikitzeko, lehenbizi lurra botatzen da ibai-ohera, urak komeni bezala desbideratzeko eta, horrela, uretan lan egin beharrik ez izateko.
2. Euskarriak non jarri erabaki eta seinalatu eta gero, harea kentzen da, hondalana egitea da, zola irmoa topatu arte. Zimendu horren gainean zutarri sendoak jartzen dira, arkuak egiten hasi behar den tokiraino.
3. Zutabeak egindakoan, haietan bermatuta, arku formako zurezko egitura egiten da; eta horren gainean benetako arkua osatzen duten harriak jartzen dira.
4. Arkuaren kanpoko egitura egina dagoenean, aldeetako paretak eraikitzen dira, eta harri solteekin eta harri koskorrekin betetzen da goiko barrunbea.
5. Azkeneko pausoa zubiaren gainari zola ematea da, errekarriekin. Gero, bazterretako paretak, petrilak eta barandak eraikitzen dira.
Zubiaren zatiak
Bazterlekua: galtzadaren alde banatako tokiak. Jendea haietara lekutzen zen zamariak zubitik igarotzen zirenean. Noiz edo noiz zaintzarako edo aduana gisa erabiltzen zen.
Galtzada: zubian pasatzen den bidea, gehienetan harrizkoa.
Kontrahorma: zubiaren egitura indartzeko hormak izaten duen irtengunea
Inposta: gangaren oinarriko harlandu ilara
Intradosa: zubiko arkuaren ganga edo barnealdeko aurpegia
Zubi begiaren zabalera: zubiaren zutabeen artean den tarte horizontala
Horma-zuloa: zulo karratua, zubia egitean aldamioetako enborrak sartzeko
Begia: zubiaren arku bakoitza
Pretrila: zubiaren alde banatako harrizko hesia, bidaiarien segurtasunerako. Burgiko honek adreiluzko lauzak (ez harrizkoak) zituen, zut jarriak
Zutabea edo pilastra: zubiari eusteko zutarria
Zubi-branka: zutabe-muturra, biribila edo triangeluarra. Uraren korrontearen indarra hausten du, zutabeak babesteko.
Zubia berrituta
Datu guztiek erakusten digute Burgiko zubiak, denboraren poderioz, puska batzuk galdu zituela. Ibai-ohea ere, dirudienez, aldatuxea dago.
Halako zubi erromatarrek, Erdi Aroko zubi horiek, arku kopuru bakoitia izaten zuten, eta erdikoa altuena izaten zen beti, diametro handienekoa. Hori dela-eta, simetrikoak izaten ziren.
Horrek esan nahi du Burgiko zubiak arku bat gehiago zeukala eraiki zenean. Errepidetik hurbilen dagoen zubi-begiak berretsi egiten du hipotesi hori. Gaur egun begi txikia da, baina bertan aise ikusten dira askoz ere arku handiagoko baten abiapuntuaren arrastoak (erdiko arkuaren bestaldeko arkua bezalakoa da gainera). Ez dezagun ahantz XIX. mendera arte ez zegoela gaur eguneko errepidea, baizik eta Errege Bidea zeritzona. Errege Bideak herria gurutzatzen zuen, kale nagusian barna hain juxtu, eta herritik aterata zubia iragan eta mendi-zintzur aldera eta Salbaterra Ezkara zihoan.
Erdiko begiak hartzen zuen beti ur emari handiena; horregatik haren zutabeek babesak zituzten, zubi-branka izeneko irtengune zorrotzak, ura “ebakitzen” zutenak zubiaren egiturak kalterik izan ez zezan.
XIX. mendearen bukaeran errepidea egin behar zenez, zubiaren muturra kendu behar izan zen, eta ibilgua pixka bat mugitu. Horregatik, arku nagusia ez da erdian gelditzen, eta ur emariaren kontra jotzen duen zubi-branka ez da mutur zorrotzekoa, borobilekoa baizik. Zubi-branka borobilak uraren indarra txikiagoa zen zutabeetan jartzen ziren.
XXI. mendearen lehenbiziko bost urteetan, zubia garbitu eta zaharberritu egin zen. Zubia besarkatzen zuten huntzak kendu ziren, haien sustraiek kalte handia egiten baitzioten harrizko egiturari. Bestetik, berreraiki egin ziren hondaturik zeuden parte batzuk. Zubia zaharberritzeko lanak, zenbait fasetan eginak, Burgiko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak finantzatu dituzte.