Zerrategia

Basoa ustiatzearen eta zura ibaitik garraiatzearen funtsa zen geroago enborrak habe eta ohol bihurtzea altzariak egiteko eta eraikuntzan erabiltzeko.

Antzina, pieza karratu eta laukizuzenak egiteko, enbor biribilak eskuz lantzen ziren, aizkora eta zerra erabilita. Zerrari esker moztutako zuraren azalera lisoa eta erregularra izatea lortzen zen. Sektorea modernizatu zen zerra mekanikoak eskuzkoa ordeztu zuenean.

Eskuz zerratzea

Zerratzeko ohiko modua zen. Horretarako, zurezko plataforma txiki bat prestatzen zen eta horren gainean enborra jartzen zen. Ondoren, enbor-buruan marra zuzenak markatzen ziren, oholei eman nahi zitzaien lodieraren araberakoak. Marra horiek zerratzaileen gida ziren eta haiei zehazki jarraitzen zieten. Zerra-kirtenak zeharka jarritako bi makila ziren.

Plataformaren gainean gizon bat egoten zen eta kirtenari helduta zerrari gorantz tira egiten zion, kontu handiz, mozketa marrei jarraikiz egiteko. Plataformaren azpian beste bi gizon egoten ziren, beste kirtenaren alde banatan, eta horri helduta indar handiz beherantz tira egiten zioten. Lan gogorra izaten zen eta pazientziaz hartu beharrekoa, zur gutxi zerratzeko denbora luzea eman behar izaten baitzuten.

Burgin ohiko sistema hura erabili zen gerraren ondorengo urteetara arte (XX. mendeko 40ko hamarkada). Hala zerratzen zuten herriko zenbait lekutan: Bidankozeko bidegurutzeko Bentan, Cueva deritzon tokian (euriaz babesteko, antza), Lupercioren lastategian,zubian…

Garate anaiak -Francisco, Ciriaco, Braulio eta Pío-, herriko azken zerratzailetakoak izan zien. Kanpotik ere zerratzaileak etortzen ziren, batez ere Santanderretik. Batzuetan zerratzaileek oholak bukatu gabe uzten zituzten gauean inork lapurtzea ekiditeko.

Zerratze mekanikoa

Langileek enborrak zerraren orgaraino itzulikarazten zituzten bi euskarriren gainean -enborrak izaten ziren erabilienak-. Kako koskadun batzuek gogor heltzen zioten enborrari. Zinta-zerrak mozten zituen enborrak, eta bere bolantea gasolio-motor baten bidez birarazten zuten (geroxeago elektrizitatea erabili zen).

Langile batek katedun biradera bati eraginez enborra zeraman orga errodarazten zuen errailetik. Oso lan nekeza izaten zen langile bakarrarentzat,
Zerra mekanikoa, sinpleena izanik ere, eskuzkoa baino askoz ere azkarragoa zen, eta gai gehiago (oholak, listoiak, pertsianak…) eta zehatzago zerratzen zituen.

Zerratzeko bi moduok erakutsi nahi izan dizkizuegu Erronkariko zerratzaile eta baso-langile guztien omenez.

Zerrategi bat historiarekin

Bertan ikusgai dagoen zerra antzinako zerra mekaniko bat da; zerratzeko modua funtsean gaur egungo zerrategietakoa bezalakoa zen. Eskuzko zerra bat ere badauka.

Zerra Urzainqui-Laspidea sozietateak erabili zuen Burgin 1950eko hamarkadan. Ondoren, azkarragoak eta zehatzagoak ziren zerra mekaniko berrien etorrerarekin batera, bazterrean geratu zen.

1965 inguruan Zangozako Construcciones Aranguren enpresak, antzinako eraikuntzen zaharberritzean espezializatuak, erosi egin zuen Zangozako Karmengo monasterioa zaharberritzeko. 1965etik 1980ra zerrategi horrek Nafarroako hamaika eraikin eta eraikuntza ezagun zaharberritzeko erabili zuen. Zerrategi hura Nafarroako ondarearen zati handi bat zaharberritu izanaren arduraduna izan zen.

Mende laurden batean erabili gabe egon eta gero, Construcciones Aranguren-en jabe Jesús Arangurenek, Burgin antzinako lanbideen oroimena gordetzeko egiten ari ziren lanen jakitun, zerra Burgiri itzultzea erabaki zuen eta 2008an Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteari eman zion. Zerra ikusgai dago 2008ko abenduaren 7tik.

Artxiboak