Beltz jantzita, urrian ibarretik joan eta maiatzean etorri. Enarak beren migrazioan bezala. Horregatik, hain zuzen ere, enarak deitzen zitzaien emakume gazte haiei, ia neskatxa baino ez zirenei. Negua heldu aurretik, bai oinez bai zamarien gainean ibarrean goiti abiatzen ziren, lehenik mendia igo eta ondoren Maulera edo inguruko beste herri batzuetara joateko, bertan espartinak egiteko lantegietan soldata irabazteko asmoz.

Eztena edo orratza eskuan, batzuk espartzuzko zoruak egiten eta beste batzuk orpoa eta punta josten, baina beti alai eta taldean. Udaberrian etxera itzultzen ziren udan etxeko baratzean edo soroetan jarduteko.

Soldata frankotan ordaintzen zieten, baina nazio batetik bestera dirua eramatea debekatuta zegoenez, dena salgaiak eta produktuak  erosteko erabiltzen zuten, hala nola, txokolatea, erlojuak, eta beren jantzi erronkariarrak liraintzeko ehun onak eta oihal-apaingarriak.

Hori urtero gertatu zen XIX. mendearen erdialdetik XX. mendeko berrogeiko hamarkadara arte.

Emakume haien kemena, lana eta nekea aitortu nahi dugu ahaztua izan ez dadin.

Erronkaribarko espartingileak 

Espartingileek 12 eta 16 ordu bitarteko lanaldiak izaten zituzten. Agiri batzuen arabera, espartinak egiteko lantegietan 5.000tik gora langile aritzera iritsi zen, gehienak emakumeak. 1911ko Mauleko langileen zerrenda batean 933 langile etorkinen izenak agertzen dira, horietatik 221 erronkariarrak ziren eta gainerakoak Aragoikoak. Urte hartan Maulen beharrean aritu ziren “enara” haien artean 77 izabar zeuden, 41 burgiar, 42 uztarroztar, 25 erronkariar, 21 bidankoztar, eta 15 gardar. Haien adina 15 eta 25 urte bitartekoa zen.

Panel honetan gogoan hartu nahi izan ditugu geure azken espartingileak, besteak beste: Servanda Aznarez Solanilla (Fayanas etxea), Evarista Mainz Lamperez (Martineta etxea), Cirila eta Trini Garate Ustes (Aso etxea), Micaela Fayanas Mainz (Juan Babil etxea), Felipa Ezquer Andreu (Juan Grande etxea), Maria Perez Perez (Lupercio etxea), Juliana Mina Iriarte (Mendibe etxea). Eta horiekin batera, Burgin jaio izan baina herrira inoiz itzuli ez zirenak.