Burgi Erronkaribarrerako sarrera da, Ezka ibaiak Ollate (1.420 m.) eta Haitzeko Ama Birjina (1.294 m.) mendien artean sortzen duen arroila igaro eta gero hegoaldetik iristen bagara. Erreka eta bidez inguraturik, Iruñetik 77 kilometrora dago, 629 metroko altueran.
Aragoiko erresumako mugatik hurbil egonda, ibarraren defentsarako gaztelu garrantzitsu bat egon zen bertan, XVI. mendean Fernando Katolikoak, Nafarroa konkistatzearekin batera, suntsitu zuen arte. Egun, Gazteluko Ama Birjinaren baseliza ikusiko dugu garai batean gaztelua egon zen lekuan. Horretaz gain, Burgiko mugapean, Bideko Ama Birjinaren baselizatik gertu, Urdaspaleko beneditar monasterioaren hondakinak daude, VIII. mendean San Eulogiok bisitatu zuena.
Erromatar zubia zain daukagu herrirako sarreran, bere irudi eder ezaguna guri eskainiz. Jatorrizko lau arkuak, goragunea eta Ezka ibaiaren urak urratzen dituzten brankak beren hartan daude oraindik ere. Ibaian gora metro gutxi batzuk eginik, almadiak jaisterakoan igarotzen zuten presa txiki batek gogorarazten digu zura ustiatzea, abeltzaintzarekin batean, bertako biztanleen bizibide nagusia izan dela.
XVI. mendeko San Pedro elizaren barruan Leireko Monasterioaren organo zaharra aurkituko dugu, Mendizabalen Desamortizazioaren ondoren abandonatua izan zena. Horretaz gain, XVII. mendeko San Sebastianen irudia duen erretaula barrokoa eta estilo gotikoko zenbait kaliza gordetzen dira bertan.
Burgiko etxeak Ezka ibaiaren eskuineko ertzean pilatzen dira, herriari eskailera itxura emanez. Herriko ezaugarri nabarmen gisa, kale harriztatuak eta teila makurrez egindako teilatu lerdenak, teilatu-hegal irten eta Pirinioetako bereizgarri diren zilindro formako tximiniez hornituak, nahiz eta gaur egun oso gutxi gelditu.
Burgiko mugapean balio handiko naturguneak aurkituko ditugu, hala nola, Sasiko Baltsak edo Burgiko Arroila, azken hori Natura Erreserba izendatua eta Europako sai arre kolonia handienetariko bat dena, bere pareta ikaragarrietan bizi diren harkaitzetako beste hegazti guztiak ahantzi gabe.
Bi bide interpretatibo daude, behar bezala seinaleztatuak: bata Burgiko Arroilara hurbiltzeko, eta bestea Basariko izeidira joateko. Horietaz gain, badira mendian ibiltzeko beste hainbat bidexka, bide eta pista. Ibaiaren ondoan “Burgi, lanbideen herria” ibilbide laburra hasten da, panelen bidez lehengo eta oraingo lanbide eta ohiturak azaltzen dituena. Bideak herriko kaleetan barrena jarraitzen du Burgiko udaletxean dagoen Almadiaren Museoraino.
Gaur egun, almadia Burgi herriaren nortasun ikur bilakatu da, Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak antolatzen duen Almadiaren Egunari esker, almadia lanbide izan zuten guztien gorazarre. Burgiko Museoak argazkien, lanabesen eta ikus-entzunezko emanaldien bidez ogibide hau ezagutzeko aukera ematen du.