Latsuna eskuratzeko kareharriak erretzen ziren labeetan.

Gehienetan, latsun-labea harlangaitz erregogorrezko egitura txiki bat zen, kargatzeko zuloa eta barne ganga zituena. Ganga hori ordenan paratutako kareharriz egina zen. Barrenean sua pizten zen, erregai gisa egurra erabilita.

Erronkaribarreko orografiak aukera ematen du, beste lekuetan ez bezala, latsun-labeak ezpondetan eraikitzeko eta, horrela, karobia aiseago betetzeko eta husteko.

Azken latsungileak

Gure zaharrek oraindik gogoan dituzte kareharri ugariko tokietan pizten ziren latsun-labeak. Burgiko arroiletik hurbil zeuden, mota horretako harri asko erori eta biltzen baitzen han.

Azken urteetan etxeak egiteko edo zuritzeko karea behar zuten familiek eraikitzen edo pizten zituzten latsun-labeak, beren beharrak asetzeko adina kare ateratzeko.

Alabaina, latsungileak (karegileak) ere baziren.
Horiek latsuna egiten zuten herritarrei saltzeko (gehienetan, kantitate txikiak) eta erabilera jakinetarako.

Burgiko azken karegileetako bat Pablo Lacasia Gárate (1883 – 1986) izan zen. Bere oharrei esker dugu hark auzoei eginiko salmenta askoren berri. “Latsun zuria” eta “latsun beltza” bereizten zituen, erabilitako kareharriaren kolorearen arabera.

Latsuna gonkak edo erreguak eta budinak baliatuz neurtzen zen. Zurezko ontziak ziren, harriz osotara edo neurri batean betetzen zirenak, salgaia neurtzeko.

Eraikintza

Latsuna edo latsun-labea egitea lan gogorra zen hagitz, ahalegin handia eskatzen zuena. Lehenik zulo bat, zirkularra, egin behar zen lurrean, pikotxez, ezponda baten aldapaz baliatuz. Hurrena horma txiki bat erlaitz gisa eraiki eta horren gainean zamariz eramandako kareharria paratu behar zen.

Pixkana-pixkana, harriz harri, iladaz ilada, jasotzen ziren hormak barne ganga faltsu bat eratuz. Osotara itxi arte ez zegoen bermatua zutik egonen zenik.

Gero, harri gehiago paratzen ziren gainean, nahi zen altuerako kupula osatu arte eta zulo bat utziz behean, kargatzeko eta husteko. Prestatu ondoren, su ematen zitzaion. Egituraren oinarriari, harriak paratzen hasten zen erlaitzaren azpian zegoenari, hautsontzi deitzen zitzaion, su emateko eta txingarra eta errautsa biltzeko tokia baitzen.

Latsungileak, elorri-triska edo ezpela botatzen zuen labe zulora eta su ematen zion goizean goiz, harria tenperaturarik egokienean erretzeko eta sua egun guztian kontrolatzeko. Horrela, etengabeko suaren eraginez, kareharriak erabat lehortu, anhidrido karbonikoa galdu eta kare oxido bihurtzen ziren, “kare bizi”, alegia.

Hargatik, karegileak erregaia bota eta bota ari behar zuen hiru egunez (gauak barne), gelditu gabe.

Harriak goritu eta galda kupularen kanpo aldera ateratzen zenean, labeak 900 edo 1000 gradu bazituela esan nahi zuen, erretzeko tenperatura egokiena, beraz. Harriak, jada, zurituta zeuden eta kiskalketa, bukatua.

Ondoren, labe zuloa edo beste edozein zirritu lauzaz edo zotalez ixten zen, eta hozten uzten zitzaion bi edo hiru egunez.

Bukatzeko, egiturako harri guztiak kentzen ziren; batzuk eroriak zeuden hozteko denbora horretan.

Harri kiskaliak uretan sartzean kareharria desegiten zen eta ore edo latsun-hauts bihurtzen.

Latsunaren erabilerak

Eraikinak latsuna eta harea nahasiz eginiko kareorez jasotzen ziren.

Latsunez zuritzen ziren etxeko hormak, bai kanponkoak, bai barrengoak. Erronkaribarren, etxeko ateen eta leihoen inguruak zuritzen ziren baoak gauez aurkitzeko, argindarrik ez zenean.

Nekazaritzan alorrak ongarritzeko eta garbitzeko.

Latsunez garbitzen ziren, orobat, gorteak edo ukuiluak eta txerritegiak.

Harekin kentzen zitzaizkien bizkarroiak aziendei eta frutarbolei.

Medikuek karesnea ematen zuten gaixotasun batzuk sendatzeko.

Latsun labearen berritzea

2005eko udan, Burgiko herritar askoren lan boluntario eta dohainekoari esker, berritu zen latsun-labe hau, garai batean beste bat zegoen toki berean.
Latsun-labe zaharraren kanpo aldeko harri ugari aurkitu ziren lurrazpian. Gangako kareharri guztia Burgiko arroiletik ekarria da.

Eraikina zaharberrituz omentzen ditugu lan neketsu honen bidez latsuna egiten zuten arbaso haiek.