caleraGure zaharrek oraindik gogoan dituzte kareharri ugariko tokietan pizten ziren latsun-labeak. Burgiko arroiletik hurbil zeuden, mota horretako harri asko erori eta biltzen baitzen han.

Azken urteetan etxeak egiteko edo zuritzeko karea behar zuten familiek eraikitzen edo pizten zituzten latsun-labeak, beren beharrak asetzeko adina kare ateratzeko.

Alabaina, latsungileak (karegileak) ere baziren.
Horiek latsuna egiten zuten herritarrei saltzeko (gehienetan, kantitate txikiak) eta erabilera jakinetarako.

Burgiko azken karegileetako bat Pablo Lacasia Gárate (1883 – 1986) izan zen. Bere oharrei esker dugu hark auzoei eginiko salmenta askoren berri. “Latsun zuria” eta “latsun beltza” bereizten zituen, erabilitako kareharriaren kolorearen arabera.

Latsuna gonkak edo erreguak eta budinak baliatuz neurtzen zen. Zurezko ontziak ziren, harriz osotara edo neurri batean betetzen zirenak, salgaia neurtzeko.