cantero5Datu guztiek erakusten digute Burgiko zubiak, denboraren poderioz, puska batzuk galdu zituela. Ibai-ohea ere, dirudienez, aldatuxea dago.

Halako zubi erromatarrek, Erdi Aroko zubi horiek, arku kopuru bakoitia izaten zuten, eta erdikoa altuena izaten zen beti, diametro handienekoa. Hori dela-eta, simetrikoak izaten ziren.

Horrek esan nahi du Burgiko zubiak arku bat gehiago zeukala eraiki zenean. Errepidetik hurbilen dagoen zubi-begiak berretsi egiten du hipotesi hori. Gaur egun begi txikia da, baina bertan aise ikusten dira askoz ere arku handiagoko baten abiapuntuaren arrastoak (erdiko arkuaren bestaldeko arkua bezalakoa da gainera). Ez dezagun ahantz XIX. mendera arte ez zegoela gaur eguneko errepidea, baizik eta Errege Bidea zeritzona. Errege Bideak herria gurutzatzen zuen, kale nagusian barna hain juxtu, eta herritik aterata zubia iragan eta mendi-zintzur aldera eta Salbaterra Ezkara zihoan.

Erdiko begiak hartzen zuen beti ur emari handiena; horregatik haren zutabeek babesak zituzten, zubi-branka izeneko irtengune zorrotzak, ura “ebakitzen” zutenak zubiaren egiturak kalterik izan ez zezan.

XIX. mendearen bukaeran errepidea egin behar zenez, zubiaren muturra kendu behar izan zen, eta ibilgua pixka bat mugitu. Horregatik, arku nagusia ez da erdian gelditzen, eta ur emariaren kontra jotzen duen zubi-branka ez da mutur zorrotzekoa, borobilekoa baizik. Zubi-branka borobilak uraren indarra txikiagoa zen zutabeetan jartzen ziren.

XXI. mendearen lehenbiziko bost urteetan, zubia garbitu eta zaharberritu egin zen. Zubia besarkatzen zuten huntzak kendu ziren, haien sustraiek kalte handia egiten baitzioten harrizko egiturari. Bestetik, berreraiki egin ziren hondaturik zeuden parte batzuk. Zubia zaharberritzeko lanak, zenbait fasetan eginak, Burgiko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak finantzatu dituzte.

canterop1030269