Gero eta gehiago gara eta, zorionez, gero eta gazte gehiago hurbiltzen dira. 2011n Urrezko Almadia eman genien Almadiaren egunaren atzean dauden boluntario nekaezinei. Gaur egun harro gaudela nabarmendu behar dugu, belaunaldien arteko jarraipena baitago eta gazteon ekarpena izugarria izaten ari baita. Iazko Almadiaren egunera bertaratu zirenak harritu ziren bi emakume almadiazain eta ttun-ttuna dantzatu zuen gazte kopuru handia ikusita.
Aurtengo edizioan baieztatu dezakegu belaunaldi berri batek lekukoa hartu duela elkartean. Hogeitik gora gazte aritu dira beharrean almadiak prestatzeko lanjardunaldietan. Egun horietan altxorrik handiena jaso dute gazteek, almadiazain beteranoen ezagutza eta irakaspenak, alegia.
Gazte horiei esker, eta boluntarioak lagun, jaiak bizirik iraunen du luzaroan. Erronkaribarko, Zaraitzuko eta Aezkoako boluntario taldeek aurrera ateratzen dituzte gure jaiaren eta Pirinioetako beste ekitaldi garrantzitsu batzuen jarduerak: Ezkarozen eta Espartzan almadia bana egin dituzte, Zaraitzu ibaiko almadien gorazarre; Txantxalan, Pirinioan Lan eta Bizi eta Bizirik Gaude kolektiboek “Pirinioa Aurrera!” horma-irudiak margotu dituzte Erroibarren, Aezkoan, Zaraitzun, Erronkaribarren eta Nabaskozeko Almiradioan; Kebenkok, La Kukulak eta La Kurrusklak eta beste elkarte batzuek hamaika jarduera antolatzen eta gure herriei bizia ematen jarraitzen dute… Gure elkartearen nahia da talde guztiok indarrak batzea amesten ditugun Pirinioak eraikitzeko.