Azkenik, halako prozesu neketsuaren ondotik (erein, igitaiarekin ebaki, eultzitu, eho, orea egin, labean sartu), eguneroko ogia mahaian zegoen. Zaharrek ez zioten muzin egiten ogi egin berri kurruskatsuari, esaera zaharrak honela esanik ere: “ogi erre berri, etxe galgarri”.
Halako lanak hartuta, eta familiarentzat hain inportantea izanik, ogiak asko zeukan sakratutik. Bekatua zen ogia botatzea. Ogiari gurutze bat egiten zitzaion moztu aurretik. Eta igandeetan eta jaietan, familia bakoitzak, hurrenkera zorrotzean eta berebiziko begirunez, ogi benedikatua eramaten zuen elizara, gero, meza nagusian Aita Gurea errezatzen hasten zenean banatzeko.
Eta lurreko suan ogiarekin egiten ziren –eta dira– ekilikiak (ogi-xerra xigortuak) edo papurrak, almadiazain eta artzainen jana, gaur egun ospakizunetarako menu bihurtua.