Latsuna edo latsun-labea egitea lan gogorra zen hagitz, ahalegin handia eskatzen zuena. Lehenik zulo bat, zirkularra, egin behar zen lurrean, pikotxez, ezponda baten aldapaz baliatuz. Hurrena horma txiki bat erlaitz gisa eraiki eta horren gainean zamariz eramandako kareharria paratu behar zen.
Pixkana-pixkana, harriz harri, iladaz ilada, jasotzen ziren hormak barne ganga faltsu bat eratuz. Osotara itxi arte ez zegoen bermatua zutik egonen zenik.
Gero, harri gehiago paratzen ziren gainean, nahi zen altuerako kupula osatu arte eta zulo bat utziz behean, kargatzeko eta husteko. Prestatu ondoren, su ematen zitzaion. Egituraren oinarriari, harriak paratzen hasten zen erlaitzaren azpian zegoenari, hautsontzi deitzen zitzaion, su emateko eta txingarra eta errautsa biltzeko tokia baitzen.
Latsungileak, elorri-triska edo ezpela botatzen zuen labe zulora eta su ematen zion goizean goiz, harria tenperaturarik egokienean erretzeko eta sua egun guztian kontrolatzeko. Horrela, etengabeko suaren eraginez, kareharriak erabat lehortu, anhidrido karbonikoa galdu eta kare oxido bihurtzen ziren, “kare bizi”, alegia.
Hargatik, karegileak erregaia bota eta bota ari behar zuen hiru egunez (gauak barne), gelditu gabe.
Harriak goritu eta galda kupularen kanpo aldera ateratzen zenean, labeak 900 edo 1000 gradu bazituela esan nahi zuen, erretzeko tenperatura egokiena, beraz. Harriak, jada, zurituta zeuden eta kiskalketa, bukatua.
Ondoren, labe zuloa edo beste edozein zirritu lauzaz edo zotalez ixten zen, eta hozten uzten zitzaion bi edo hiru egunez.
Bukatzeko, egiturako harri guztiak kentzen ziren; batzuk eroriak zeuden hozteko denbora horretan.
Harri kiskaliak uretan sartzean kareharria desegiten zen eta ore edo latsun-hauts bihurtzen.