GORKA AGUINAGA UDI

Zukaldaria, 2018ko Urrezko Almadia Saria

Aizkora zorrotz, enborrak ongi hautatuta eta garaian moztuta, zurezko soka sendoak eta behar bezala bihurrituak, ur emari egokia, esku trebeak eta burua erne, bizkarrekoa ongi lotuta… horiexek dira almadiak eta almadiazainak beren helmugara iristeko gakoak.

Almadiazainen kolektiboak bere burua islatuta ikusten du sukaldarien jardunean. Izan ere, horiek ere lehengai onak eta artisau eta artisten esku trebeak behar dituzte arrakasta lortzeko.

Zaraitzu ibarrean, almadien eta almadiazainen lurraldean, ospe eta maila handiko sukaldari bat sortu zen, Gorka Aginaga ezkaroztarra. Harentzat izanen da almadiazainen Urrezko Almadia. Hortaz, esan dezakegu aurten saria etxean geratuko dela.

Gorka giza balio handiko pertsona da: zintzoa, jatorra, langile fina… eta horrek denak badu isla bere plateretan. Gutxika-gutxika gora doa eliterantz: Iruñazarra jatetxearekin Pintxoaren Astean irabazle, Kroketaren astean irabazle, hainbat lehiaketatan sariak… Gastronomiaren erresuma den gure Nafarroan bere izenaren oihartzuna zabaltzen ari da. Beharbada, ez duzue jakinen errege-oturuntza baten arduraduna izan zela, eta orduko horretan Juan Carlos I erregeak berak, protokolo guztien gainetik, aurrez aurre zoriondu zuela.

Eta ibilbide bikain horren oinarrian amorzearen eta aitaren irakaspenak, herria eta Pirinioak. Aita Blanca de Navarra Hoteleko sukaldariburua izan zuen, eta bera La Perla Hotelekoa izan zen, pertsona ospetsu askorentzat kozinatu zuelarik.

Gorka Aginaga Nafarroako Pirinioen ordezkaria ere bada; Zaraitzuar peto-petoa eta Aezkoako familia batek eramaten duen jatetxe batean lanean.

Hori dela eta, Urrezko Almadiak berariazko gaitasuna eta izaera, bere ibilbidea eta profesionaltasuna saritu nahi du. Eta gainera, bertakoa da.

Nafarroako Pilota Federazioa, 2018ko Urrezko Almadia Saria

JUEGO DE LA PELOTA, PATRIMONIO MUNDIAL

Ez dakigu zehazki noiztik dagoen, ezta iraganean nolakoa zen ere, baina Pilota jokoa gure artean dago aspalditik. Gure ibarreko herrietan, bertako herritarren onarpenaren eta zaletasunaren ondorioz, pilotalekuak altxatzen hasi ziren XIX. mendearen erdialdian. Nafarroa osoan ere antzera gertatu zen, nahiz eta “pilota joko berrirako” tokiei buruzko lehen aipamenak XVIII. mendekoak izan. Erronkariko Julian Gaiarre tenorea pilotazale handienetarikoa izan zen.

Berak laxoan jokatzeko pilotalekua eraiki zuen bere herrian 1887an –gaur egun ondare arkitektonikotzat jo dezakeguna-, eta udaro herrian ematen zuen denboraldian kirol horretan aritzen zen. XX. mendean Pilotaren goraldia izan zen gure ibarrean zein Nafarroan, eta herrikoitasuna eta zaletasuna profesionaltasun bihurtu zen. Gurean, aldaketa hori “Toki Ederra” Pilota Eskolari esker gertatu zen, eta gaur egun ere, Eskolak bertako haurrak trebatzen darrai.

Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak gure esker ona adierazi nahi diogu Nafarroako Pilota Federazioari, eta harekin batera “Toki Ederra” Pilota Eskolari eta horretan azkeneko hamarkadetan aritu diren guztiei. Euskal Pilota jokoa eta kirola mugak gainditzen dituen ondarea da. Pilota, almadiak bezala, munduko ondarea da. Haientzat gure esker ona eta “Urrezko Almadia” saria.