img_4166Basoa ustiatzearen eta zura ibaitik garraiatzearen funtsa zen geroago enborrak habe eta ohol bihurtzea altzariak egiteko eta eraikuntzan erabiltzeko.

Antzina, pieza karratu eta laukizuzenak egiteko, enbor biribilak eskuz lantzen ziren, aizkora eta zerra erabilita. Zerrari esker moztutako zuraren azalera lisoa eta erregularra izatea lortzen zen. Sektorea modernizatu zen zerra mekanikoak eskuzkoa ordeztu zuenean.

Eskuz zerratzea

Zerratzeko ohiko modua zen. Horretarako, zurezko plataforma txiki bat prestatzen zen eta horren gainean enborra jartzen zen. Ondoren, enbor-buruan marra zuzenak markatzen ziren, oholei eman nahi zitzaien lodieraren araberakoak. Marra horiek zerratzaileen gida ziren eta haiei zehazki jarraitzen zieten. Zerra-kirtenak zeharka jarritako bi makila ziren.

img_3795Plataformaren gainean gizon bat egoten zen eta kirtenari helduta zerrari gorantz tira egiten zion, kontu handiz, mozketa marrei jarraikiz egiteko. Plataformaren azpian beste bi gizon egoten ziren, beste kirtenaren alde banatan, eta horri helduta indar handiz beherantz tira egiten zioten. Lan gogorra izaten zen eta pazientziaz hartu beharrekoa, zur gutxi zerratzeko denbora luzea eman behar izaten baitzuten.

Burgin ohiko sistema hura erabili zen gerraren ondorengo urteetara arte (XX. mendeko 40ko hamarkada). Hala zerratzen zuten herriko zenbait lekutan: Bidankozeko bidegurutzeko Bentan, Cueva deritzon tokian (euriaz babesteko, antza), Lupercioren lastategian,zubian…

Garate anaiak -Francisco, Ciriaco, Braulio eta Pío-, herriko azken zerratzailetakoak izan zien. Kanpotik ere zerratzaileak etortzen ziren, batez ere Santanderretik. Batzuetan zerratzaileek oholak bukatu gabe uzten zituzten gauean inork lapurtzea ekiditeko.