Neguan elurzulotik ahalik eta hurbilen zegoen elurra jasotzen zuten. Urrunago baldin bazegoen, zamarien laguntzaz eramaten zuten.
Batzuetan, elur gutxi bazegoen, ondoko erreken ertzeetako izotza hartzen zuten.
Elurra biltegiratzeko, hondoaren gainean egurrezko zeharraga batzuk jartzen ziren, eta horien gainean ezpelak edota sasi lehorrak, hustubiderantz joandako ur urtuari bidea errazteko. Elurra eraman ahala, honelaxe jartzen zuten putzuan: lehendabizi, elurra zapaltzen eta izotza birrintzen zuten; ondoren, geruzaka metatzen zuten, hau da, elur multzoen artean lasto geruzak jartzen ziren isolatu eta hobeki gordetzeko.
Elurra elurtegitik ateratzeko eta saltzeko garaia apiril edo maiatzean hasten zen. Handizkako salmenta nagusi zen: lastorik gabe saltzen zen eta erromatar balantzan pisatzen zuten elurra.
Txikizkako salmenta zenean, plater-balantza erabiltzen zen: orduan, plater batek zulotxoak izan behar zituen nahitaez ura xukatzen uzteko.