Labea

‘Etxerako ogia biltzea’ zen Burgiko lehengo familien kezka eta zeregin nagusietako bat. Horretarako, lur erregu asko ereiten ziren, lur kaskar samarrak Nafarroako erdialde edo Erriberako lur emankorren aldean. Baina Burgin ez zegoen besterik, eta, mandoekin edo idiekin, edota aitzurrarekin edo laiekin, basoari aldapetan ebatsitako lur puskak eta egutera malkartsuak lantzen ziren, gero haietan ereiteko.

Behin garia erein ondoren, igitaiarekin biltzen zen. Familia osoa ibiltzen zen sega-lanean, emakumeak eta haurrak ere bai. Handik egun batzuetara, garia jo egiten zen, eultzitu, bai herriko larrainetan, bai herriaren borda-ondo guztietan egoten ziren larrainetan. Lastoa (agotza) bordan gordetzen zen, aziendarentzat, eta garia etxera eramaten zen.

Etxetik garia errotara eramaten zen, beharra izan ahala. Errotariak 1654an hiru almute laurden (kilo bat inguru) kobratzen zuen erregu (gonka) bakoitzeko (22 bat kilo). Hura zen lehenbiziko derrama. Normalean irina eholtzi (bahetu) etxean egiten zen, zetabearekin (zetaxea), galbahearekin (galbea). Zetabean gelditzen zena, gero, zerri-jana izaten zen. Irina, ondoren, labeetara edo okindegira eramaten zen.

BURGIKO OGI LABEA

horno11936. urtera bitarte bi labe zeuden Burgin. Azkenak hauek izan ziren: Mañuelicorena eta Portalatínena. 1643an labea errentan hartzen zuenak hogeita hamar dukatu ordaintzen zituen urtean.

Labezainari betebehar batzuk jartzen zitzaizkion: labea garbi eta ongi beroa edukitzea, eta behar adina egurrez hornitua.

OKINA

horno5Baina, bi labeez gainera, okindegia ere bazegoen. Okinak bi eginkizun zituen: batetik, bitartekari-lana egiten zuen nekazari batzuentzat (okina ehotze-lanaz eta ogia egiteko prozesu osoaz arduratzen zen), espeziean halako kantitate baten trukean; bestetik, saldu ere okinak egiten zuen: ereiten ez zutenei, bidaian ziren kanpotarrei edo herritarrei, urtearen erdian garia eskasten zitzaienei.

Okinari zera eskatzen zitzaion: ogia izan beharra duela beti, eta ezin duela ogiaren prezioa igan herriko zinegotziei parterik emon bage.

OKINAREN ANDREA

horno2Bezperan etxekoandreek ogi-orea prestatzen zuten, hau da, irina eta ura nahasiz orea egiten zuten. Biharamunean, eguna argitu aurretik, labezaina karriketan barna pasatzen zen abisuak emateko.
Lehenbiziko abisua sua pizteko zen, bigarrena ura berotzeko, eta hirugarrena ogia egostera jaisteko. Etxekoandreak orea mantaxko batean biltzen zuen, hotzetik eta airetik babesteko. Labean mahai luze batzuk zeuden, eta han emakumeek nork bere labekada prestatzen zuen. Zein norena zen jakiteko, ogi-orean eta opiletan zenbait marka egiten zituzten (marrak, gurutzeak, zimikoak…), denontzat ezagunak.
Labezainak, ezpel-adarrekin labe-zola ongi garbitua ordurako, sua bizi edukitzen zuen eta, tamaina desberdineko pala batzuen laguntzarekin, ore moldeak labean uzten joaten zen.

Labezainak berak ateratzen zituen gero, egosirik, eta bakoitza bere etxera itzultzen zen, kapazua buruan ogi borobilez beterik, eta saskian opil azukretuak eta noiz edo noiz haurrentzako panpina edo figuratxoren bat zeramatzala.
Labezainari ordaintzeko, 1643. urtean, honakoa zegoen ezarrita: ogi libra bat eman behar zaio, orean, erregu edo gonka bakoitzeko, gari-irina izan edo dena delako espeziea izan. Gainera, ore horrek ematen zuen ogia okindegiko prezio berean saltzera behartuak zeuden.

OGIA
OLYMPUS DIGITAL CAMERAAzkenik, halako prozesu neketsuaren ondotik (erein, igitaiarekin ebaki, eultzitu, eho, orea egin, labean sartu), eguneroko ogia mahaian zegoen. Zaharrek ez zioten muzin egiten ogi egin berri kurruskatsuari, esaera zaharrak honela esanik ere: “ogi erre berri, etxe galgarri”.

Halako lanak hartuta, eta familiarentzat hain inportantea izanik, ogiak asko zeukan sakratutik. Bekatua zen ogia botatzea. Ogiari gurutze bat egiten zitzaion moztu aurretik. Eta igandeetan eta jaietan, familia bakoitzak, hurrenkera zorrotzean eta berebiziko begirunez, ogi benedikatua eramaten zuen elizara, gero, meza nagusian Aita Gurea errezatzen hasten zenean banatzeko.

Eta lurreko suan ogiarekin egiten ziren –eta dira– ekilikiak (ogi-xerra xigortuak) edo papurrak, almadiazain eta artzainen jana, gaur egun ospakizunetarako menu bihurtua.