img_3762redBurgik Pirinioetako ibar eta herrietako antzinako lanbide eta jardunbideen berreskuratze eta birsortzearen inguruko eskaintza turistiko, etnografiko eta kultural erakargarria antolatzen jakin du. Agertaratze hori azkeneko urteotan burutu da herritarren ilusio eta borondatezko lan eskuzabalari esker. Haiek izan dira, arbasoen oroimenez eta miresmenez, euren ogibide gogor eta nekezen ezagutza eta aitortza hurbiltzen dizkigun ibilbide edo xendaren benetako sortzaileak.

Gaur egun Burgira etortzen den bisitariak lehengo garaiak gogora ekar ditzake harginen maisu-lan den Erdi Aroko zubia zeharkatuta; tamaina errealeko almadia ikus dezake, almadiazainek ibaian eta basolangileek mendian egiten zuten lanaren ikur; ikatz-txondorra egiteko zein ikatza lortzeko modua eta antzinako ogi-labe bat ezagut ditzake; herrian berreraiki zen elur-zuloan elurra gorde ahal izateko erabilitako adimena miretsi; karobian karea lortzeko prozesua aurkitu; edo antzinako zerrategian makineria berezia ikusi.

Lanbideen birsortze-lan bakoitzak badu bere informazio-panel irudiduna. Horrek funtsezko balio erantsia ematen dio antzinako bizibide eta jardunbide bakoitzaren ezagutzan sakontzeko. Argibide didaktikoei esker, bisitariak lanbide bakoitzaren baldintzen gogorra hauteman dezake.

Gure iraganeko ohiko jardunbideak zabaltzeko asmoz, berriki ibai bazterrean beste panel bat jarri da, oraingoan latsarien oroimenez. Horrela, emakumeei arropa garbitu eta zuritzeko hartzen zuten nekea aitortuko diegu. Emakume haiek ibai bazterrean makurtuta arropa igurzten, jantziak xukatzen eta izarak bihurritzen, jantzi bustien balde astunak gainean zubia zeharkatzen…

Gaur egun desagertu diren beste lanbide batzuk izan ziren. Haiek birsortzea ezinezkoa da, haien ezagutza eta oroitzapena biziraunaraztea, aldiz, bai: zuzigileak, koilaragileak, teilagileak, latorrigileak, espartingileak, petrikiloak, ahuntzainak…

Behin betiko joan zitzaizkigun arbasoen lanbide eta belaunaldi haiek. Haiei, gaur egungo gure bizimodu erosotik, lanaren merezimendua aitortu eta beren nekeengatik gure miresmena erakutsi nahi diegu.